XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Maila ofizialean, naturaren zainketa eta kontserbaziorako hezkuntzak XX. mendearen hasieran eman zituen lehen urratsak, baina 30eko hamarkada arte ez zuen indar handirik hartu.

40ko hamarkadaren bukaera aldera politika horrek etenaldi bat izan zuen eta 70eko hamarkada arte ez zuen interes handirik piztu.

UNESCOk, Ingurugirorako Nazio Batuen programarekin bat eginik, Ingurugirorako Nazioarteko Programa sortu zuen.

Programa horren barruan hainbat hitzaldi eta ihardunaldi antolatu ziren eta horrek filosofia berri bat eta ingurugiro hezkuntzaren beharrei eta ikuspegi orokorrari buruzko data base zabal bat sortzen lagundu zuen.

Programa horrek 1977an eman zituen bere fruituak, besteak beste Tbilisin (Georgia) egin zen ingurugiroari buruzko gobernuarteko konferentzia.

Konferentzia horretan, mundu mailan ingurugiroa kontserbatzeko eta hobetzeko ingurugiro hezkuntzak duen garrantzia azpimarratu zuten denek eta ingurugiro hezkuntzaren helburuak finkatu ziren.

Helburuok ondokoak dira:

- Ekonomia, gizartea, politika eta ekologia, elkarren menpe dauden diziplinak direla (bai hiriguneetan eta bai nekazalguneetan ere) jakinaraztea eta honen garrantziaz kontzientzia hartzen laguntzea.

- Pertsona bakoitzak ingurugiroa babesteko eta hobetzeko behar dituen elementuak (ezagutzak, balioak, jarrera, interes aktiboa eta gaitasuna) lortzeko aukera ematea.

- Ingurugiroarekiko jokabide berriak (norbanako, talde zein gizarte mailan) sortzea.

IBAIALDE, IBAIEI BURUZKO INGURUGIRO HEZKUNTZArako unitate didaktikoak deritzon honetan, goian azaldutako helburuak jarraitu dira eta ibaien gaineko irakaskuntza-ikaskuntza prozesurako ikuspuntuen multzo zabala hartu da kontuan, diziplina ezberdinen arteko erlazioa azalduz.

Unitate hauen helburu nagusia hauxe da:

Ibai ekosistemetako elementuak eta prozesuak nahiz ur gezetako baliabideak ulertu eta ikeruea, elementu garrantzitsuak identifikatuz (haiekin zerikusirik duten giza iharduerak, gizakiak eta gizarteak haiengan duen eragina, orain arte eragindako arazoak) eta arazoak konpontzeko nahiz ur baliabideen kudeaketa euskorra izateko beharrezkoak diren sentikortasuna eta jarrerak sustatuz.

Helburu nagusi eta orokor horretatik abiatuta, IBAIALDEren helburuak hauek lirateke:

Jarrerei, baloreei eta arauei buruzko helburuak honela defini ditzakegu: ibaienganako sentsibilizazioa bultzatzea eta ingurugiro alorreko arazoak konpontzeko gure jarrerak eta ohiturak zein izan behar duten ezagutaraztea, ibaiei dagokienez (ingurugiroaren aldeko gizarte ekintza).

Bestalde, eta prozedurei dagokienez, berriz, ikasleak ibaiarekin harreman zuzenean jarriko dira. Horrek ibaien gaur eguneko egoerari eta hauen arazoei buruzko esperientziak bizitzeko eta arazo horiek ulertzeko aukera emango die.

Azkenik, gertakari, kontzeptu eta printzipioen inguruan zera esango dugu: ikasleek, unitate honen bidez, ibai ekosistemak osatzen dituzten elementuak eta hauen arteko erlazioak ezagutuko dituztela. Gainera, gizakiak ibaiei ematen dizkien erabilerak, erabilera hauen ondorioak eta hauek eragindako ingurugiro arazoen konplexutasuna aztertuko dituzte.

Helburuek erakutsiko dute zein eduki garatu behar diren; horretarako bost unitate didaktiko prestatu dira: Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) ziklo bakoitzerako unitate bana. Edukiek lotura zuzena izango dute espazio/denbora erreferentzi eremuetan ikasleek egindako aurrerapenekin, haien garapen maila pertsonalen arabera.

Progresio hori eta unitate didaktiko bakoitzak behar dituen elementuak kontuan izanik (koordenatu batzuk, sekuentzia koherente batzuk, errepikapenak saihesteko aztergaia ondo mugatzea...) egin ditugu unitate didaktikoak.